Nafarroak 545 milioi euro inbertitu ditu uraren arazketan eta saneamenduan 30 urtetan zehar - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2019

2019ko abenduaren 16a

Nafarroak 545 milioi euro inbertitu ditu uraren arazketan eta saneamenduan 30 urtetan zehar

María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariak Tafalla-Erriberriko araztegia bisitatu du NILSA enpresa publikoaren 30. urteurrena ospatzeko.
 
María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariak, Bernardo Ciriza Lurralde Kohesiorako kontseilariak lagunduta, Tafalla-Erriberriko araztegia, Nafarroako zaharrena, bisitatu du Navarra de Infraestructuras Locales S.A. (NILSA) enpresa publikoaren 30 urteko ibilera ospatzeko; enpresak arazketaren arloan lan egiten du 1989an, Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko 10/1988 Foru Legearen harira, sortu zenetik.

Ekitaldian araztegiko instalazioetan bisita gidatu bat egin da; Nafarroan funtzionamenduan jarri zen lehenetako bat izan zen, XX. mendeko 70. hamarkadan, eta NILSAK hartu zuen sortu ostean. Bisitan hauek ere egon dira: Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús Mari Rodríguez; Erriberri eta Tafallako alkateak, Maite Garbayo eta Jesús Arrizubieta, hurrenez hurren; eta Mairagako Mankomunitateko lehendakaria, Jorge Bacaicoa.

30 urteko ibileran, NILSAk 313 milioi euro inbertitu ditu instalazio berrien sorreran eta 232 milioi euro horiek funtzionamenduan jartzen eta mantentzen. Halaber, 520 milioi euro bildu ditu saneamendu-kanonaren bidez (% 72 etxeetatik eskuratzen da eta % 28 industria-jardueratik), zeina 1989ko urtarrilaren 1etik zergadun guztiek ordaintzen duten uraren ordainagiriaren bidez.

1988an Nafarroan sei araztegi zeuden, Ebroko eta Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoek eraiki zituztenak: Lesaka, Etxalar, Zubieta, Zugarramurdi, Agoitz eta Tafalla-Erriberri. Horrekin biztanleriaren % 5ari soilik ematen zitzaion zerbitzua, eta gaur egun % 98ra iristen da; gainera, ez dago aurre tratamendurik jaso gabe ibaira botatzen den isuririk, ibaien ingurumen-kalitatea bermatuta. 1989an, NILSAk Espainian ere aitzindari ziren sei instalazio horiek hartu zituen eta Nafarroako Ibaien Saneamendurako Plan Zuzentzailea burutzen hasi zen; marko horren barruan 159 araztegi (93 instalazio 250 biztanle baino gehiagoko herrietarako, 66 instalazio biztanle gutxiago dituztenetarako) eta 586 oinarrizko instalazio eraiki dira. Horiek saneamendu-kanonaren diru-bilketari esker (azkeneko hiru urteetan tarifak ez dira igo), eta Europako funtsei (36 milioi euro) eta 2012 arte Nafarroako Gobernuko Tokiko Azpiegituren Planei (94 milioi euro) esker egin ahal izan dira. 2013az geroztik kanonaren bidez finantzatzen da soilik.

Ur-kantitateei dagokionez, Nafarroan, non biztanleek batez beste 112 litro pertsonako eta eguneko kontsumitzen dituzten, iaz 86.750.609 metro kubiko hondakin-ur tratatu ziren; 2017an 75.657.875 metro kubiko izan ziren; 2016an 78.449.268 metro kubiko araztu ziren eta 2015an 78.522.998 metro kubiko. Denboran zehar joera berdintsua mantendu da, euri asko botatzen duen urteren batean izan ezik. Zentzu horretan, NILSAk garrantzitsutzat jotzen du biztanleria ur-gastua optimizatzeko kontzientziatzea, baliabide urria baita eta aldaketa klimatikoaren ondorioek asko eragiten baitiote.

Beste alde batetik, sozietate publikoak herri guztietan banaketa-sareak jartzearen beharraz kontzientziatzeko lan egiten du: euri-uretarako eta hondakin-uretarako kanalizazio ezberdinak. Gaur egun, bi emariak nahasten dituzten sareak dira nagusi: ondorioz, ur guztia araztu behar da, euri-urak araztea beharrezkoa ez den arren.
 
Ibaien Saneamendurako Plan Zuzentzailea
Ibaien Saneamendurako Plan Zuzentzailea aurrera eraman ahal izateko erakunde bat behar zelako sortu zen NILSA (plana 1991n behin betiko onetsi zen eta 1995ean, 2006an eta 2015ean berrikusi zen). Iaz egin zen azkeneko berrikusketa, eta orduan 2019-2030 Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailean arazketa eta saneamendua gehitu ziren; plana Nafarroako Gobernuak sustatu zuen 2017an eta pasa den maiatzaren 8an onetsi zen.

Saneamendurako Plan Zuzentzailea ezarri zenean, toki-entitateekin elkarlanean beti ere (mankomunitateak, udalak, kontzejuak), Nafarroa 91/271/CE Europako Zuzentaraua betetzen zuen lehenengo autonomia erkidegoa izan zen 2006an; zuzentarauak ezartzen zuen 2.000 biztanle baino gehiagoko herrietako hondakin-urak araztu behar zirela. Hiri-erabilerako uraren ziklo integralaren egungo plana, bere aldetik, uraren gaian aldaketa klimatikoari aurre egiteko tresnarik nagusiena da eta ekintza berriak aurreikusten ditu datozen hamabi urteetarako, 439 milioi euroko balioa dutenak; beraz, Espainiako panorama orokorrean mugarri garrantzitsua ere bada.
 
Giza taldea
Sozietate publikoaren bilakaerari dagokionez, NILSAk hasieran sei langile zituen eta gaur egun 51 ditu, bai Iruñeko egoitza nagusian bai Tuterako bulegoan lan egiten dutenak. Zuzenean edo zeharka ia 400 lanpostu sortzen ditu. José Ignacio Sanz Arbizu, proiektuaren lehenengo gerentea eta sustatzailea, bere alargunak, Charo Orocoyenek, ordezkatu du urteurren ekitaldian; izan ere, sozietatearen sustatzailea 2014ko azaroan zendu zen. Ondorengo bi gerenteak ere bertan izan dira, Andrés Sola (1995-2015) eta Iñaki Urrizalki (2016-2019), eta baita langile guztiak ere (duela hamabost urtetik hona emakume eta gizonen proportzioa parekidea da).
 
Dibulgazioa eta kontzientziazioa
NILSAren helburu sozialaren baitan uraren saneamenduarekin eta erabilera egokiarekin erlazionatutako jokabide egokien hedapena dago, eta baita 1999tik funtzionatzen duen hezkuntza programa elebidun eta doako baten eskaintza ere. Programak ibaietan, eskoletan, adinekoentzako egoitzetan, udalekuetan egiten diren jarduerak barne hartzen ditu eta publiko orokorrarentzat, ikasleentzat, unibertsitarioentzat, behar bereziak edo beste edozein baldintzatzaile dituztenentzat egiten dira, jarduerak egoera bakoitzera egokituz. Izen-emateak www.nilsa.com webgunean egiten daitezke. 2018an ia 8.000 lagunek hartu zuten parte jarduera horietan, eta 2019. urtea amaitzerako zifra hori gainditzea aurreikusten da, hezkuntza programaren historian parte-hartzearen errekor bat lortuta; azken sei urte hauetako goranzko joera finkatzen ari da eta horrek argi uzten du gizarteak ingurumenarekin eta baliabide naturalen kudeaketa eraginkorrarekin lotutako gaien inguruan interesa duela.