NILSAk eta NUPek drainatze jasangarriari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte, aldaketa klimatikora egokitzeko LIFE NADAPTA proiektu europarraren esparruan - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2018

IRUÑEAN, 2018KO AZAROAREN 21EAN

NILSAk eta NUPek drainatze jasangarriari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte, aldaketa klimatikora egokitzeko LIFE NADAPTA proiektu europarraren esparruan

NADAPTA Jornada de Drenaje Sostenible

NILSAk, hondakin-uren saneamenduaz arduratzen den Nafarroako Gobernuko enpresa publikoak, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Smart Cities (ISC) ikerketa-institutuaren bidez, bi jardunaldi antolatu dituzte, Iruñean, hiriko jariatze-ura tratatzeak udalerriei dakarkien erronkari buruz. Ur-emari hori, ekaitza eta eurien ondoriozkoa, hiri-estolderiara iristen da askotan, eta hortik araztegietaraino. Drainatze jasangarriko sistemak modu natural eta jasangarriagoan tratatzen ditu euri-urak, eta, aldi berean, kostuak murriztu araztean. 
 
Gaur eta bihar egingo dira jardunaldiak, eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilari Isabel Elizaldek eta NUPeko Ikerketako errektoreorde Ramón Gonzalok inauguratu dituzte. Asfaltatutako eta eraikitako hiri-eremuetan iragazkortasuna ahalbidetuko duten soluzioak zein gaur egun urak bildu, bideratu eta tratatzeko prozesuak aurrez aurre dituen arazo eta erronkak jorratuko dira jardunaldietan, besteak beste. 
 
Lan-saioak hiru bloke tematikotan (programa osoa) antolatu dira, eta bertaratutakoek honako hauek ezagutu ahalko dituzte: zergatik den funtsezkoa hirigintza-deseinuak jariatze-urak kudeatzeko irizpideak barne hartzea herri eta hirien garapen jasangarrirako; zer administrazio-zuzentarau dauden lotuta gai horrekin; eta neurriak ezartzeak zer ondorio tekniko izan dituen beste erregio batzuetan arrakastaz hasitako kasuetan.
 
NUP-NILSA proiektu bateratua 
 
Antolatutako eztabaida-foro publikoaz gain, NUPek eta NILSAk hilabeteak daramatzate lanean drainatze jasangarriari buruzko proiektu bateratu batean, unibertsitatek Tuteran duen campusean. Zehazki, drainatze-eremuak eraikitzen ari dira aparkalekuan, baita egun iragazgaitzak diren eremuak iragazkor bilakatzen, euri-urak eroritako lurzoruan bertan zuzenean iragazkortu daitezen bideratu beharrik gabe. Horretarako, hormigoizko edo asfaltozko zoladurak kendu, eta aukeratutako material pikordunarekin eta landarediarekin konbinatzen da lurzoru naturala. 
 
Helburua da euri-jasa edo ekaitza handiak gertatzen direnean urak laminatzea, hustubideak kolapsatu ez daitezen eta araztegiek tratatu ez ditzaten hondakin-urak ez direnak edo zikinak ez daudenak; horri esker, energia aurreztu ez ezik, lurzoruak eta, baldin baleude, akuiferoak elikatzen dira, erortzen diren lurzorura iragazten baitira urak. Tuterako campuseko aparkaleku oso-osorako ezarri nahi da drainatze jasangarria, azaleraren %5 okupatuta, jadanik amaituta dagoen proiektu baten bidez. Lanak 2019rako aurreikusita daude, eta aurrekontuak 70.000 euro jo du.  
 
LIFE NADAPTA proiektua
 
Ikerketa eta garapenaren arloan, NILSAk hainbat erronka hartu ditu bere gain azken urteetan, hala nola aurrerapen teknologikoetatik sortutakoak –azaleratzen ari diren kutsatzaileetan jarri dute jomuga–, etengabe hazten ari den mugikortasun globaletik sortutakoak –arrisku sanitario berriak sartzen ari dira– eta ekonomia zirkularreranzko aldaketatik sortutakoak –materia organikoa mantenugaiak ingurune naturalera itzultzeko aprobetxatzeko premian jartzen du arreta–. Esparru horren barruan, hiru ikerketa-ildo garatzen ditu, eta haietako bat drainatze jasangarriko sistemak dira, hots, jardunaldien gaietako bat. 
 
Nafarroa aldaketa klimatikora egokitzeko apustuaren barruan –onespen handia jasotzen ari da Europako Batasunaren barruan– kokatu behar dira lan horiek, LIFE NADAPTA programaren bidez. Aldaketa klimatikora egokitzeko lehen proiektu europarra da. 15,6 milioi euroko aurrekontuarekin, Nafarroako Gobernuaren konpromisoa eta haren estrategian politikak zein eragileak integratzeko gaitasuna baloratu ditu EBk. Proiektuak (“Erregio batean, Nafarroan, aldaketa klimatikora egokitzeko politikaren ezarpen integratu, koherente eta inklusibo baterantz”) aldaketa klimatikoaren ondorioetara egokitzea du helburu, sei arlo estrategiko desberdinetan (ura, basoak, nekazaritza, osasuna, azpiegiturak, eta planifikazioa eta monitorizazioa) garatuko diren 53 neurritan. LIFEk finantzatu eta autonomia-erkidego batean abian jarri duen lehen proiektua da. Egokitze-estrategia bat ezarri nahi du lurralde batean, eta hango emaitzak erakusgarriak izango dira beste erregio batzuentzat. 
 
Lanak NILSAri dagozkio, eta, drainatze jasangarria ez ezik, beste bi ildo hauek ditu ardatz: hondakin organikoen tratamendua eta balorizazio agronomikoa, bata, eta bestea, hondakin-uretatik fosforoa berreskuratzea prezipitazio bidez. Lehengo aukeran, lohi-konposterako eta eguzki-lehorterako instalazio pilotuak operatzen dira, zeinetan araztegiko lohiak eta hiri-hondakin solidoen frakzio biodegradarria tratatzen baitira helburu hauekin: aztertzea zein den tratamendurik onena haientzat, ebaluatzea lortutako ongarriak erabiltzearen abantaila eta desabantailak, egokitzea nekazaritza arloko jokabide egokiak, eta koordinatzea materia organikoa kudeatzeko sektore publikotik datorren estrategia nekazaritza-sektorearen premiekin. Hondakin-uretatik fosforoa berreskuratzeari dagokionez, estruvita-prezipitaziorako planta pilotu batean lan egiten ari gara, fosforoa ateratzeko Tuterako araztegian tratatzen diren lohietatik. 
 
Aldaketa klimatikoari buruzko azterketa-ereduek prezipitazio-erregimena aldatuko dela iragartzen dute, uholdeak eta lehorteak gertatzeko probabilitatea handituko baita, eta, horregatik, gizateriak aurrean dituen erronka global handienetako bat da. Ildo horretatik, Nafarroak jokabide egokien aitzindari izan nahi du, eta mundu-mailako adibide eta erreferente bilakatu.