Ingurumeneko zuzendari nagusi Eva García Balaguerrek Ledeako araztegia inauguratu du Ricardo Murillo alkatearekin batera - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2018

Ledea, 2018ko uztailaren 24a

Ingurumeneko zuzendari nagusi Eva García Balaguerrek Ledeako araztegia inauguratu du Ricardo Murillo alkatearekin batera.

INGURUMENEKO ZUZENDARI NAGUSI EVA GARCÍA BALAGUERREK ETA LEDEAKO ALKATE RICARDO MURILLOK ARAZTEGIAREN INSTALAZIOA INAUGURATU DUTE ZAINDARIAREN JAIEN BEZPERAN.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilari Isabel Elizaldek eta Ledeako alkate Ricardo Murillok araztegia inauguratu dute zaindariaren jaien bezperan. Halaber, herritarrek azpiegitura zuzenean ezagutzeko aukera izan dute ekitaldian, bisita gidatuaren eta haurrentzat antolatutako jolasen bitartez. Izan ere, NILSAk, saneamenduaz eta arazte-lanez arduratzen den enpresa publikoak, urte osoan eskaintzen duen heziketa-programaren esparruan antolatu dira. 
 
Ledea herriko erroldan ia 350 herritar daude. Herrigunea Irati ibaiak zeharkatzen du, eta herria bitan banatzen du. Eskuinaldean, hondakin-urak biltzen ziren hobi septiko bat zegoen; ezkerraldean, aldiz, urak ez ziren tratatzen. Herritarrek irtenbide bateratua eta eraginkorra izateko, eta ur guztiak biltzeko, Nafarroako Gobernuak araztegi bat eraiki du NILSAren bitartez. Araztegiko sistemak iragazki biologikoa eta bi dekantagailu ditu, baita atxikipen-tanga txiki bat ere. Hori da diseinu ohikoena neurri horietako foru-instalazio guztietan, ez baitira produktu kimikoak erabiltzen; prozesu biologikoak dituzte oinarri, ezertxo ere kutsatzen ez dutenak, eta aldi berean, jada tratatu den uraren kalitate optimoa bermatzen dutenak. Horrez gain, ponpatze-estazio bat ere eraiki da, herriaren eskuinaldeko ur zikinak bildu eta instalazioraino bultzatzeko.   
 
Instalazioa diseinatu da eguneroko emaria segundoko 1,73 litrokoa izan dadin, eta onar dezakeen emaririk handiena segundoko 12,14 litrokoa izango da. Kantitate hori jasan behar izatea ez da batere probablea, ezta ezohiko gertakarietan ere (adibidez, oso euri edo ekaitz ugaria botatzean). Halakoetan, ur-emaria ez litzateke segundoko 4,16 litrotik gorakoa izango, gutxi gorabehera. Alabaina, araztegia eraiki da gaur egun heltzen dena baino ur kantitate handiagoa onartu ahal izateko, herrian hirigintza- edo industria-garapenik badago, ez dadin beharrezkoa izan berritzea edo berriro inbertitzea. Egun, Nafarroa osoko instalazioak prestatuta daude 205.565.850 metro kubikoko emaria onartzeko urtean; azkenekoan, 75.657.875 metro kubiko hondakin-ur tratatu ziren. Datu horien ondorioz, etorkizunean eraiki daitezkeen populazio-, industria- edota hirigintza-garapenak saneamendu-sarean onartuko lirateke azpiegitura berririk behar izan gabe edo egungo azpiegiturak handitu behar izan gabe.  
Bestalde, Ledeako araztegira ur zikinetan diluituta heltzen den karga kutsatzailea 90 kilogramo ingurukoa da egunero. Horiek lokatz bihurtzen dira instalazioan prozesatu eta emari likidotik bereizi ostean. Ura tratatu eta garbitu ondoren, Irati ibaira itzultzen da, araztegitik 80 metrora besterik ez.     
 
Obraren aurrekontua 777.185 eurokoa izan da, eta saneamendu-kanonarekin finantzatu da osorik; alegia, zergapeko guztiek uraren ordainagiriaren bitartez ordaintzen duten eta NILSAk kudeatzen duen zergarekin. Gaur egun, tratamenduaren tarifak hauek dira: 0,5970 €/m³ familientzat eta 0,7150 €/m³ etxekoak ez diren erabileretarako (industrian, adibidez). Zenbateko horiek 2017an ere indarrean egon ziren. Iaz, nafar guztien 30.405.067 euro bildu ziren saneamendu-kanonaren bidez. 
 
Araztegiak martxan jartzen direnean, probak egiten dira lehen hilabeteetan. Hartara, Ledeakoan horretan jardungo dute lehen urtean. Ledeako araztegiaz gain, 2017an obrak egin ziren Lantzen, Puiun, Lizarraga-Ergoienan eta Ziordian (bukatu gabe dago), eta Tuterako jariatze-tanga hobetu egin zen.     
 
Azkenik, nabarmendu behar da Ledeako araztegiko haurrentzako jolasak eta helduentzako bisita gidatuak NILSAk 1999an abiarazi zuen heziketa-programaren adierazgarriak direla. Igaro diren ia hogei urteetan, parte-hartzaile kopurua igotzen joan da etengabe, eta 2017an 6.903 parte-hartzaile izan ziren. Jardueren batez besteko balorazioa 4,8koa izan zen 5etik. Programa hiru hizkuntzatan gauzatzen da (gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez) eta doakoa da. Horren barnean, bisitak, tailerrak jolasak eta jarduera berriak eskaintzen dira urterik urte, eta azpimarratu egiten da nork bere etxetik gertuen dagoen instalazioa ezagutu hala izatea, han tratatzen baitira bere hondakin-urak. Hori dela eta, bisitak egin daitezke Nafarroako 141 araztegietara, eta herritarrentzat irekita daude NILSAko begiraleen laguntzaz. Horretarako, izena aldez aurretik eman behar da web-orri honetan: www.nilsa.com    
 
Araztegietako bisitez gain, tailer espezifikoak ere badaude: Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat, irakasleentzat, aisialdiko begiraleentzat, adinekoen egoitzetako erabiltzaileentzat, erretiratuen elkarteetako kideentzat, unibertsitateko ikasleentzat, disfuntzionalitateak edo premia bereziak dituzten pertsonentzat, eta gizarte-bazterkerian egoteko arriskua dutenentzat.