Hodietatik botatako hondakinek egunean matxura bat eragiten dute Nafarroako araztegietan - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2018

2018ko martxoaren 22a

Hodietatik botatako hondakinek egunean matxura bat eragiten dute Nafarroako araztegietan

URAREN MUNDUKO EGUNA DELA ETA, XABIER LASA ETA EVA GARCÍA, TOKI ADMINISTRAZIOKO ETA INGURUMENEKO ZUZENDARI NAGUSIEK TAFALLA-ERRIBERRIKO ARAZTEGIA BISITATU DUTE

Nafarroako araztegietako buxadurek, gehienetan etxeko hustubideak gaizki erabiltzeagatik eragindakoek, egunean matxura bat eragiten dute batez beste eta matxura horien kausa ohikoena dira. Komuneko zulotik garbiketako produktuak botatzea, esaterako, paper-zapi bustiak, konpresak, kotoia, pixoihalak, preserbatiboak, kotoi-txotxak edo zigarrokinak botatzea, arazoa da saneamendu-sareentzat eta baita ura garbitu behar duten instalazioentzat ere, hau da, araztegientzat.

Uraren Munduko Eguna herritarrak kontzientziatzeko mezu batekin ospatzeko, Eva García eta Xabier Lasa Nafarroako Gobernuko Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa Saileko Ingurumeneko eta Toki Administrazioko zuzendari nagusiek, hurrenez hurren, Tafallari eta Erriberriri zerbitzua ematen dien instalazioa bisitatu dute.

Bisitaren anfitrioiak izan ziren Pedro Leralta Mairagako Mankomunitateko presidentea, eta Andoni Lacarra Erriberriko alkatea. Kontsumo eraginkorra, jasangarria eta arduratsua ur-horniduran ez ezik uraren saneamenduan ere egin behar dela nabarmentzea zen bisitaren helburua. Herritar gisa, ez genuke produkturik bota behar etxebizitza bateko ur zikinaren irteerako hodietatik, komuneko papera izan ezik. Teknikoki “kutsatzaile emergente” esaten zaien era guztietako higiene-elementuek, hala nola, gazek edo makilatzeko produktuek sortzen dituzte buxadurak araztegietan, Nafarroakoetan ez ezik Europa osokoetan ere, eta 500 milioi euroko kostua eragiten dute.

Joan zen azaroan, Nafarroako Gobernuko sail honi atxikitako NILSA enpresa publikoak kanpaina bat abiarazi zuen bainugelan zakarrontzi bat jartzera animatuz, hondakin guztiak zakarrontzira eta gero errefusaren edukiontzira joan daitezen, komunera edo konketara joan gabe.  ¿Qué hago con las toallitas? / Zer egin behar dut paper-zapi bustiekin?goiburuarekin, kanpainak aditzera ematen zuen paper-zati bustien pertsona eta urteko kontsumoa 15 kilokoa dela, eta hondakin-uren sareetara joanez gero buxatu egiten dituztela, ez direlako biodegradagarriak. “Ontziek badirela adierazten duten arren, araztegira iristeko behar duten denbora degradatzeko behar dutena baino gutxiago da eta, horregatik, biodegradagarriak izango ez balira bezala da”, azaldu zuen Iñaki Urrizalki NILSAko kudeatzaileak. Arrazoi horregatik, azken hamar urte hauetan NILSAk 3.111 matxura artatu dituela ere esan zuen.  Arazo horiek izan arren, instalazioek iaz izandako operatibitate-ratioa % 98,75ekoa izan zela gogoratu behar da, eta gainerako % 1,25 matxura, larrialdiko geldialdi, konponketa eta beste arazo batzuei dagokiela.

Kutsatzaile emergenteen arazoa egoera global batean kokatuta dago eta ez da hiri-erabilerako uraren ziklo integraleko garrantzirik gabeko kontu bat, joan zen irailean Komunera Botatzeko Produktuei buruzko Ur Zerbitzuen Operadoreen Nazioarteko Taldearen (International Water Service Flushability Group, IWSFG) lehen bilera egin izanak erakusten duen bezala. Bileran, Ameriketako Estatu Batuetako, Australiako, Kanadako eta Japoniako ordezkariak izan ziren.
Espainian, gaur egun, Hornidura eta Saneamenduko Espainiako Elkarteko (AEAS) lantalde bat arau bat prestatzen ari da produktu bat komunetik botatzeko modukotzat jotzeko bete behar dituen irizpideak ezartzeko xedez. Baina prozesuak aurrera egiten ez duen bitartean eta fabrikatzaileekin gauzak adosten ez diren bitartean, arazoak hortxe jarraitzen du eta premiazkoa da herritarrak kontzientziatzea.

Gaur egun, Nafarroako araztegi guztien artean, 215 milioi metro kubiko trata ditzakete urtean; beraz, prestatuta daude garapen urbanistiko eta industrialetarako, eta, hala gertatuko balitz, kontsumo-puntetarako, edukiera handitzeko inbertsiorik egin behar izan gabe.
2016an soilik -ikuskatu den azken ekitaldi osoa- Nafarroak 78.449.268 metro kubiko hondakin-ur araztu zituen. Gaur egun, tratamendurik gabeko hondakin-urak dituzten biztanleen ehunekoa % 2ra murriztu da. 200 biztanle baino gutxiagoko nukleoetan sakabanatutako 12.000 biztanle inguru dira, ia karga kutsatzailerik ez dutenak. Oraintxe bertan aurre egiten ari garen erronka da, gauzak motel doazen arren, inbertsio handiak behar dituzten proiektuak direlako, hainbat ekitalditan gauzatzeko planifikatzen direlako eta espezifikotasun orografiko konplexuak dituztelako. 

Zentzu horretan, kontuan izan behar da ur-hondakinen arazketak beste deribatu bat ere baduela: garbitzearen ondoriozko lohi edo lokatzak. Nafarroan, lokatza horien % 85i higienizazio-tratamendua egiten zaie –NILSAn tratamendu termofilo bikoitza aplikatzen zaie edo, hitz teknikoekin esanda, arazketa anaerobio mesofiloa–. Ezinbestekoa da hori egitea, zati handi bat nekazaritzan erabiltzen delako eta beste zati bat konpostarekin nahasten delako. Baina tratamendu aurreratu horiekin ere, funtsezkoa da kotoi-txotxik, plastikorik, preserbatiborik, zigarrokinik, paper-zapi bustirik edo materia organikoa ez den beste elementurik ez izatea. Bisitako denboran, zuzendari nagusiek aukera izan dute lohiak tratatzen diren instalazio-zatia bisitatzeko eta ura zikintzeak, baliabide hori kutsatzeaz gain, lohien kasuan bezala, soro eta laboreetan amaitzen duten beste arazo atxiki batzuk ere sortzen dituela ikusi dute.

Kutsatzaile emergenteen karakterizazioa
 
Joan zen urtarrilean, sarrerako bahera, hau da, instalazioaren sarrerako atera iristen diren hondakin solido eta inpropioen karakterizazioaren txostena egin zuen NILSAk. Horretarako, Arakil ibaiaren arroa aukeratu zuen eta Irurtzun, Etxarri-Aranatz eta Altsasu-Urdiaingo araztegietan ardaztu zuen azterketa. Emaitzen taulan ikus daitekeen bezala, materia organikoari dagokion batez besteko ehuneko handienaren ondoren, paper-zati busti, pixoihal, konpresa eta abarrena da…, Irurtzungo bahean jasotzen denaren % 69ra iristen dena. Zenbait araztegitan inpropio gehiago iristen dira hondakin-uretan kutsatzaile organikoa baino, eta horrek buxadurak, matxurak eta beste hainbat arazo eragiten ditu.  Inpropio edo kutsatzaile emergente horiek sareek ondo funtzionatu ahal izateko aurre egin beharreko erronka nagusietako bat dira, buxadura eta matxura gehienen erantzuleak direlako.
 
Tafalla-Erriberriko araztegia
 
Erriberriko udal-mugartean kokatutako instalazio hau Nafarroako zaharrena da: Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eraiki zuen laurogeiko hamarkadan eta NILSAk 1989an hartu zuen, Nafarroako Ibaien Saneamendu Plana gauzatzeko tresna gisa sortu zenean. Hiru hamarkada baino gehiago igaro dira harrezkero eta, denbora horretan, etengabe handitu eta eguneratu dute Foru Komunitate osoan ekologikoki sentikorrenetako ibilgu batean kalitate-parametro oso zorrotzak betetzeko, hain zuzen ere, Zidakos ibaiaren ibilguan. 

Jende guztiari irekitako araztegiak
 
2017an, NILSAk Ledeako, Lantzeko, Puiuko eta Erroko araztegiak amaitu zituen, Lizarraga-Ergoienako araztegiaren proiektua aurkeztu zuen, obrak egin zituen Urederra ibaiaren behe-ibilguan eta Urdazubiko Hiribere eta Leorlas auzoetan, hobekuntzak egin zituen Ledea, Zangoza, Fitero, Corella, Ebro Behea, Valtierra-Arguedas, Baztan eta Cortesko instalazioetan, aldaketak Ezkaroze, Monteagudo, Arga Behea, Ultzama eta Valtierrako hustubideetan, eta Irurtzungo instalaziorako sarrerako bidea berritu zuen. Instalazio horiek eta Nafarroan dauden 141 araztegietako gainerakoak edonork bisita ditzake: NILSAk ateak zabaltzeko egunak eta bisita gidatuak eskaintzen ditu urte osoan zehar bere hezkuntza-programaren esparruan. Monitore-taldeak behar bezala lagunduta, ibilbide gidatu eta doakoetan bisita daitezke instalazioak eta hizkuntza aukera daiteke (gaztelania, euskara, ingelesa), Nafarroako Gobernuko Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa Sailetako zuzendari nagusiek gaur egin duten bezala.
 
Nafarroan araztutako bolumenak
 
· 2012. urtea: 72.798.557 metro kubiko.
· 2013. urtea*: 85.677.217 metro kubiko.
· 2014. urtea: 79.931.971 metro kubiko.
· 2015. urtea: 78.522.998 metro kubiko.
· 2016. urtea: 78.449.268 metro kubiko.
* 2013an muturreko plubiositatea izan zen. Iruñean urte euritsuena izan zen 1881ean erregistroak egiten hasi zirenetik. Horregatik handitu zen bolumena horrenbeste.