Izuko hondakin-uren araztegi berriaren eraikuntza amaitu da, 880.000 euroko inbertsioarekin - NILSA

NILSA

Prentsa oharra

2021

2021ko otsailaren 10a

Amaitu dira Izuko hondakin-uren araztegi berriaren lanak, 880.000 euroko inbertsioarekin

NILSA sozietate publikoak finantzatu du, eta Iruñerriko Mankomunitateak kudeatzen du.
 
Gaur goizean aurkeztu dute hondakin-uren araztegi berria (HUA). Dagoeneko, zerbitzuak ematen ditu Izu eta Asiainen. Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Cirizak, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari David Campiónek eta Oltza Zendeako alkate Moisés Garjónek azpiegitura bisitatu dute. 880.000 euroko aurrekontua jo du (BEZa kanpo) NILSAk saneamendu-kanonaren kontura finantzatu duen proiektuak; Mankomunitateak kudeatuko du.
 
Araztegi berria, Oltza Zendeako udalerrian, Izuko hirigunetik 150 metrora dago, Arakil ibaiaren eskuineko ertzean, eta 1.700 metro karratuko azalera du. Gauzatutako arazketa-sistema 372 biztanlerentzat eta eguneko batez besteko 84 m3-ko emari baterako dimentsionatu da.
 
HUA biologiko berriak orain arte zeuden bi putzu septikoak ordezkatuko ditu. Lanak Asiainen, Arakil ibaiaren ezkerraldean, ponpatze-estazio bat egitea barne hartu du. Horrek ibaiaren eskuinaldean dagoen Izuko hondakin-urak tratatzeko estazio berriraino eramaten ditu udalerriaren isurketak. Gainera, Izuko udalerriko isurketak grabitatez bideratzea ere barne dago.
 
Aipatzekoa da Asiaingo ponpatze-estazioa garai eraiki dela, uholdeek urpetu ez dezaten. 15 m-ko desnibela gainditu eta Arakil ibaia gurutzatzeko bulkatze-sistema burdinurtu nodularrez egina dago. 100 mm-ko diametroa du, eta 288 m luze da. Ponpatze-motorrak 11,3 kW-ko potentzia du.
 
Gaur goizean aurkeztu den hondakin-urak tratatzeko instalazioak hauek guztiak ditu: udalerri bakoitzeko isurketak biltzeko sarrerako obra, dekantazio-digestiorako Imhoff tanga, iragazki biologikorako ponpatze-estazioa, bigarren dekantazio-tanga, lohi-ponpatzea eta efluentearen irteerako obra. Era berean, kontrol-neurketa eta lagin-hartzeak ere egiten ditu. HUAn instalatu den potentzia 9,5 kW da.
 
Paisaian integratzeko jarduketak
 
Obrak Arakil ibaiaren ibilgua ohetik 1,50 m-ko sakoneran gurutzatu behar izatea ekarri du; ibai-hondoa lehengoratu behar izan da. Eskuinalderako igoerarako, 15 m-ko desnibela gainditzeko, beharrezkoa izan da ertza birgaitzea; bioingeniaritzako tekniken bidez egin da hori, krainer motako harresi bat eraikiz. Gainera, azpiegitura integratzeko, landatu eta erein egin da zonaldea.
 
Aipatzekoa da obra honen exekuzioa, 2020ko bigarren seihilekoan garatu zena, Iruñerriko Mankomunitateko II. Saneamendu Planean (2017-2020) aurreikusitako jarduketen baitan sartzen dela.
 
Iruñerriko Mankomunitateak kudeatzen duen araztegi-sarea Arazuriko eskualde-mailako HUAk eta Ibero, Izu, Etxauri, Elo eta Zubiriko toki-mailako araztegiek osatzen dute. Hondakin-urak Arazuriko HUAraino kanalizatzen dituen eskualde-mailako kolektore bat ez duten udalerriek toki-mailako arazketa-sistema txikiak dituzte (iragazki biologikoak, Imhoff tangak eta putzu septikoak); toki-saneamenduko 120 azpiegitura inguru dira horiek. Gaur aurkeztu den instalazio berriari esker, orain arteko Izu eta Asiaingo putzu septikoak alde batera utzi ahal izan dira.
 
Toki-arazketako hiru obra
 
2020an Argiñaritzen (Girgillao), Saratsaten (Itza) eta Ustarrotzen (Eguesibar) egindako arazketa-lanak ere Iruñerriko Mankomunitateko II. Saneamendu Planean aurreikusitako jarduketen baitan daude.
 
Hiru jarduketak antzekoak dira, eta NILSAk finantzatu ditu. Kasu guztietan, hustubide-kolektore bat dago (PVCzkoa eta 315 mm-ko diametroarekin). Horrek udalerriko hondakin-urak biltzen ditu egungo isurketa-puntu edo putzu septikora igaro aurretik. Honela eraikitzen da tratamendu-gunea: banaketa- eta gainezkatze-kutxatila; 3 m-ko diametro eta 6 eta 7 m arteko sakonerako Imhoff tanga, beira-zuntzezkoa; 315 mm-ko diametroko kolektore-efluente bat, PVCzkoa; eta infiltratze-eremua, isurketa-puntuaren aurrean. Hiru instalazioetako bakoitzak by-passa du, hustutze- eta mantentze-lanak egin ahal izateko.
 
Argiñarizko instalazioan, Imhoff tanga 30 biztanlerentzat eta eguneko batez besteko 7 m3-ko emari baterako dimentsionatu da. Administrazioari jakinarazi beharreko proiektuaren aurrekontuak 202.000 € jo zuen (BEZa kanpo).
 
Saratsaten, aldiz, Imhoff tanga 99 biztanlerentzat eta eguneko batez besteko 22 m3-ko emari baterako dimentsionatu da. Administrazioari jakinarazi beharreko proiektuaren aurrekontuak 201.000 € jo zuen (BEZa kanpo).
 
Bukatzeko, Ustarrotzeko instalazioan, Imhoff tanga 30 biztanlerentzat eta eguneko batez besteko 7 m3-ko emari baterako dimentsionatu da. Administrazioari jakinarazi beharreko proiektuaren aurrekontuak 174.000 € jo zuen (BEZa kanpo).