JARDUKETAK - NILSA

NILSA

JARDUKETAK

Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren eginkizuna berrantolatzen ari da Nafarroako Hondakin Plana (2017-2027) sortu zenez geroztik. Zenbait helburu daude, hala nola eraginkortasuna areagotzea, aukera guztiak optimizatzea eta lortzea hondakinen kudeaketa erreferente bat izan dadin honako arlo hauetan: gobernantza, soluzio teknikoak, kontzientziazioa eta sentsibilizazioa, ekonomia zirkularreko irizpideen integrazioa eta, batez ere, gainbehera joatea. Hau da, gero eta zabor gutxiago sortzeko gauza izatea. Hondakinen Partzuergo gisa, hau da, toki entitate guztiak bildu eta egunerokoan haiekin lan egiten duen –zenbait bideren bitartez eta diziplina anitzeko talde batekin– erakunde gisa, lagundu nahi dugu Nafarroa erreferentea izan dadin birziklapenean, errebalorizazioan eta sorburuan hondakinak murrizteko gaitasunean.  
 
Baina joan gaitezen urratsez urrats.    

Nafarroako Hondakin Planari (2017-2027) buruzko informazioa oso-osorik dago Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren webgunean, eta esteka honen bidez ikus daiteke. Ikus daitekeenez, orriak Partzuergoaren sorrerari buruzko historikoa biltzen du: lehen zirriborroa, alegazioak, ingurumen-azterketa estrategikoa... onespena eman zion akordiora arte. Kontua ez da hondakinak kudeatzea bakarrik, baizik eta gobernantza on batetik egitea ere bai; horrela, ikuspegi horretan gardentasuna eta parte-hartze publikoa sartu behar dira lan tekniko guztiaren bi balio transbertsal gisa.    

Beste alde batetik, hurrengo epigrafeetan azalduko dugu zehazki Hondakinen Partzuergoaren jarduketa-arloei buruzko informazioa, baina, aurrerapen gisa, bost arlo nagusi daudela adieraziko dugu: frakzioen garraioa, tratamendua, eta birziklapena; bio-hondakinen tratamendua, birziklapena eta balorizazioa; prebentzio arloko jarduketak; fiskalitatea; I+G+B.      

Frakzioen garraioa, tratamendua eta birziklapena

carga de una gabarra en la planta de transferencia de Tafalla

Hondakinen Partzuergoa arduratzen da hark biltzen dituen hamabost entitateek bildutako hondakin-frakzioak garraiatzeaz, tratatzeaz eta birziklatzeaz. Entitate horiek, Partzuergoak kudeatzen duena biltzeaz gainera, papera eta beira ere biltzen dituzte; kudeaketa-sistema integratuek eta paperaren birziklatzaileek kudeatzen dituzte. Partzuergoak kudeatzen dituen frakzioei dagokienez, honako hauek dira: ontziak (latak, brikak, plastikoak...), bio-hondakinak (lorezaintza-, inausketa-, eta janari-hondakinak) eta hondar-zatia (normalean zabortzat jotzen duguna, ez baita sartzen aurreko ataletan).    

Prozesu hori kudeatze aldera, Partzuergoak bi instalazio mota ditu: transferentzia-plantak (eta deskarga-nasak, berdinak baina txikiagoak) eta tratamendu-zentroak.    
 
Mintza gaitezen lehenbizi transferentzia-plantez: Nafarroan hiru daude. Pirinioen aldean bat (Zangozan), Nafarroako Iparraldean beste bat (Donezteben) eta Nafarroako Erdialdean beste bat (Tafallan). Eremu bakoitzeko herrietatik iritsitako zaborra metatu eta trinkotu egiten da haietan. Horrela, zaborra biltzen duten kamioiak –sei eta zortzi tonako edukiera bitartekoak izaten dira– hondakinak deskargatzen dituzte han, eta, trinkotu eta gero, kamioi horien edukiera ia halako bi duen trailer batean eramaten dira geografikoki dagokien tratamenduaren bukaerako puntura.    

Bestalde, deskarga-nasei dagokienez, Sakanako eta Erriberagoieneko mankomunitateek deskarga-nasak eraiki zituzten 2009 eta 2010ean, Hondakinen Partzuergoak baimena eta finantzazioa emanda, beren zaborra zuzenean eramateko “El Culebrete” tratamendu-zentrora. Nasa horietan, hondakinak trinkotu, bolumena txikitu eta hogei tonako kamioietan sar daitezke, zaborra biltzen ohi duten kamioiak erabili gabe, horiek zortzi tonakoak baitira; horrela, kostuak murrizten dira, baita atmosferara isurtzen den karbono-dioxidoa ere. Nasa eta transferentzia-planta horiek eraikitzearen ondorioz zabortegiak ixten dira, Europako araudiarekin bat.      

Sakanaren kasuan ez da beharrezkoa trinkotzea, eta 10.000 tona inguru kudeatzen dira han urtean, hiru mankomunitateren (Sakana, Araxes Garaia eta Mendialdea) edukiontzi berdeetatik etorritakoa; halaber, 350 tona ontzi ere kudeatzen dira, eta Moratielera eramaten dira, non ontziak hautatzeko instalazioak baitaude.    
 
Tratamendu-zentroak ere hiru dira: Cárcarko planta, El Culebreteko planta eta Moratieleko ontzi-zentroa. Eta hori laster eraikiko diren konpostaje-plantez hitz egin gabe; haien berri emanen dugu proiektuek aurrera egin ahala.   

Gogorarazi nahi dizuegu, baita ere, Partzuergoko kide diren entitateekin batera, garbigune-sare bat prestatu dela etxean sorturiko beste hondakin batzuk bildu eta kudeatzeari begira, hain zuzen ere, izaera berezikoak, hala nola tresna elektrikoak eta elektronikoak, pintura- eta berniz-hondarrak, drogeria eta lurrin-produktuak, eta abar.  

Bio-hondakinen tratamendua, birziklapena eta balorizazioa

compostador

Apustu handi bat da, epe laburrari begira. Hondakin Plan horren helburua da Nafarroan sortutako bio-hondakinen %70 hartzea 2027ko denbora-horizontean, baita kopuru hori balorizatzea konpostajea eginez. Horretarako, Hondakinen Partzuergoak, mankomunitateekin estu koordinaturik, bederatzi konpostaje-planta izanen ditu heldu diren urteetan. Etorkizuneko planta horiek titulartasun publikokoak izanen dira, edo, bestela, itundu eginen dira izaera sozialeko enpresekin edo nekazaritzako eta abeltzaintzako sektoreari lotutakoekin. Gaur egun Cárcarren dago bat, eta laster beste bat eginen da Sakanan.     
 
Beste alde batetik, eta lan-lerro osagarri gisa, giza eta teknika baliabideen hedapenari ekinen zaio, mankomunitateak jada hasiak baitira lan horretan; horrela, hondakinen kudeaketa herritarrengana hurbilduko da haien konpromisoa hobetu eta gai organikoak berreskuratzeko helburuak lortzeari begira, besteak beste.   

Prebentzio arloko jarduketak

camión de recogida en la báscula de pesaje

Nafarroako Hondakinen Partzuergoak hurrengo urteei begira duen helburu nagusietako bat da kontsumo arduratsua bultzatzea eta parte-hartze aktiboa eta elkarlana lortzea hondakinen prebentzioaren arloan; horretarako, elkarlanean ariko gara Nafarroako Gobernuak sortu behar duen prebentzio-bulegoarekin.   

Nafarroako Hondakin Planaren helburuen estrategikoen artean, honako hau dago: %12 murriztea sortzen ditugun hondakinak, baita haietan dagoen kutsadura ere.  Gainera, honako hauek ere gauzatu nahi ditugu: 

- Tasa murriztu hondakin gutxiago sortzeagatik. 
- Bultzatu materialen berrerabilera haiek hondakin bilakatu aurretik. 
- Sendotu biltze-, konpontze- eta merkaturatze-sareak tresna elektriko eta elektronikoen, altzarien, eta bolumen handiko beste produktu batzuen esparruan. 
- Diagnostikatu hondakinetan dirauten kutsagarri organikoen presentzia, eta diseinatu haiek murrizteko estrategiak.     

Fiskalitatea

contenedor orgánico

Nafarroako Hondakinen Partzuergoa konprometituta dago “Kutsatzen duenak ordaintzen du” printzipioa aplikatuko duen fiskalitate berri batekin. Helburu horri begira, elkarlanean ari da Nafarroako Gobernuarekin Foru Komunitateko hondakinen lege-proiektua egiten, horrek ezarriko baitu heldu diren urteetan aplikatuko den fiskalitatea.     
 
Azken ekitaldian zehar, analizatu egin da hondakinen sorrera Partzuergoaren arloan, eta, horri esker, aldatu ahal izan da tratamendu-tasa finkatzen duen ordenantza fiskala. 2017. urtean, tasa txikiagoa izanen dute jardunbide hobeak (hondar-zati gutxiago sortzea eta bio-hondakin bereizi gehiago sortzea) erregistratzen dituzten esparruek.    

I+G+B

El Culebrete

Nafarroako Hondakinen Partzuergoak I+G+B estrategiaren aldeko apustua egiten du hondakinen arloan egiten duen kudeaketa hobetzeko tresna gisa, eta, halaber, ezarritako helburuak modu eraginkorragoan betetzeari begira.    
 
Gai organikoen estrategia eta teknikarik onenak aplikatzea zabortegiko lixibiatuen tratamenduan; horra gaur egun Hondakinen Partzuergoan lantzen ari diren bi erronka tekniko nagusiak. Bi gai horietan estrategia egokia diseinatzeari begira, bi proiektu garatzen ari dira I+G+B arloan. “Hondakin organikoen tratamendua eta balorazio agronomikoa” eta “Nafarroako Foru Komunitatean dauden araztegietatik datozen hondakin-ur araztuen eta hiri-zabortegietatik datozen lixibiatuen oxidazio aurreratuaren tratamendua”.